San Isidro egunean lagun batzuk batu ziren Baionan “hizkuntza-politiketan jauzi bat egiteko” eskatze aldera. Areago, euskararen normalizazioan aurrera egiteko politika sendoagoak abiarazi behar direla aldarrikatu zuten. Aldarrikapen horien artean badago beste hau ere: “Adostasun zabala” ei dago euskararentzat etorkizun hobea eraikitzeko. Eta azken hau ere bai: “Euskaraz bizitzeko aukerak biderkatzeko herritarron indarra ezinbestekoa da”.

Ez dakit “jauzi” hori nora, norantz edo noraino egin behar den. Ez dakit Anbotora, zerurantz ala San Martinek urratsak egin zituen lekuraino. Jauzi batek erreferentziagune bi ditu: jauzia egiteko abiagunea eta jauziaren helmuga-gunea. Badakigu edo ematen du badakigula zein den abiagunea, ez dakit, ostera, zein den jauzi horren helmuga-gunea. Izan ere, hori jakiteke, jauzi egin barik jausi egin gaitezke. Gure herriak guztion ekarpenak behar ditu, horietatik herri gisa guztiok parteka dezakegun helmuga ahalbidetzeko.

Zalantza bat sortzen zait “sendo” izenondoaren esanguraren gainean; egin-eginean ere, era hauetara bururatzen zait uler daitekeela: alde batetik, ekonomiaren ikuspegitik, diru gehiago eralgitzea da sendotasun hori?; gastu publikoaren aldetik, berriz, administrazio publikoetan lanpostu gehiago sortzea ote da?; legearen ikusaldetik, azkenik, euskara lege-eremuko borroka judizialetara eroatea du buruan hori esan duenak?

Hori guztia ez ezik, “adostasun zabala” dugula esan da, eta, beste ertz batetik, “herritarron indarra” ekarri da hizpidera. Horiek gai hartuta, itaun hauek otu zaizkit: noren adostasun zabala dago?, eta zein da herritarron indarra? Izan ere, adostasun zabala izan daiteke “euskal eragile”en artean, baina zer diote herritar hutsek, eguneango bizimoduari heltzen dioten herritar huts horiek? Eta, amaitzeko, zein da “herritarron indarra”, euskaraz egin dezaketen uneetan erdaretara jotzea? Euskaldunok euskaraz egiten badugu euskaraz egin daitekeenetan, oskarbia dugu jauzi egindakoan.