Harrera bikaina izan dute Elorrioko Udalak Aste Santuan udalerriko historia eta ondarea ezagutzera emateko bisita gidatuak. Pixkanaka-pixkanaka jarduera honek pandemiak eragindako beherakadaz berreskuratzen joan da, eta buelta ematea lortu du.

Hala, 69 lagun animatu dira Basilika, Argiñeta, Hiribildua eta Gurutzeen bidea bertatik bertara ezagutzera. Bisitari gehienak Elorrio edota EAEtik etorritakoak izan dira, baina Estatu mailatik etorri eta eskaintzaren berri izan duten turista batzuek ere izena eman dute. Gehienak helduak izan dira, baina ume eta gazteak ere ez dira falta izan.

Arrakasta gehien izan duten bisitak kalean egin direnak eta basilikakoa izan dira. Azken horretan kanpandorrera igotzeko aukera ere izan dute bisitariek. Turismo bulegoak balorazioa oso positiboa egin du orokorrean, Elorriok duen ondarea ikustean “guztiak harrituta” gelditzen direla nabarmenduta.

Bestalde, gida birtuala ere eskaintzen zaie turismo bulegora sartzen diren bisitariei. Askok euren mugikorretan deskargatzen dute bisita APPak lagunduta egiteko, eta interes handia jartzen dute, zoragarria iruditzen baitzaie gida birtualak duen eduki sorta.

150 haur baino gehiagok hartu dute parte Kirol Astean

Bestalde, pazko asteko egunak ederki zukutu zituzten Lehen Hezkuntzako umeek. Herriko kirol elkarteek eta Athlon kooperatibako kideek dinamizatu zituzten Kirol Asteko saioak, eta azaldu dutenez, orokorrean ondo garatu zuten egitaraua, nahiz eta onartu duten zailtasunak izan dituztela partaide kopuru altua kudeatzeko orduan.

Izan ere, Lourdesko Amako, Herri Eskolako eta Txintxirri ikastolako 161 neska-mutilek parte hartu dute gutxienez jardueraren batean: txirrindularitzan 62k, areto futbolean 77k, esku pilotan eta txikibox-en 98k, saskibaloian 83k, futbolean 112k, errugbian 83k, mendi irteeran 90ek eta eskubaloian 89k. Inskripzio orria bete zutenetatik, 63 neska eta 86 mutil zenbatu ziren.